Category: Kultura
Parte hartzean oinarritutako udala
Mar 23 2012- larrabetzu
- 0 Comments
Larrabetzuko udala kudeatzen daroagun denboran pozik gaude egindako lanarekin.
Pozik herrian sortutako giroagaz, eta herritarren artean jasotako erantzun eta lan egiteko gogoagaz.
Izan be, gure ustez herri baten kudeaketa ezin da izan klase politikoaren eta administrazioko funtzionarioen lana eta ardura bakarrik. Gure ustez, herri bat kudeatzeko modurik eraginkorrena, aproposena eta ikusten ari garenez arrakastatsuena herritarren artean egindakoa da. Presupuesto handiak, eta ekintza txikiak. Jaiak eta hirigintza. Plan urbanistikoa eta eskolako arazoak. Danak dira garrantzitsu, danak dira beharrezko.
Parte hartzean oinarritutako politika
Gauza barriak egin gura ditugu, gauzak beste modu batera. Parte hartzea guretzat ez da lema bat, lan egiteko modua baizik. Batzuetan gehiago eta beste batzuetan gitxiago, baina herritarrentzat ateak zabalik euki gura ditugu. Egunero. Batzordeak zabalik, udal pleno aretoa zabalik. Haizea sartu eta freskura horrekin lan egiteko, auzolanean. Herria, apurka apurka garatuz. Lan egiteko moduak aldatuz, herritarren inplikazioa, begirunea, lana eskertuz. Eta gauza berriak egiteko indarra hartuz, ideiak, asmoak, iritziak… hori apurka apurka egitea da gure asmoa, Larrabetzu hobe baten alde.
Bide horretan, hilez hile, ekimen ezberdinak jarri doguz martxan, beti ere parte hartzearen indarra kontutan eukinda. Orain, egin doguna, egiten ari garena, eta batez be egiteko doguna kontutan hartuz, uste dogu bide onetik goazela, eta bide horretan larrabetzuarrak ardura handiagaz parte hartzen ari direla.
Partze hartze adibideak Larrabetzun.
- Frontoia Kirol ezberdinak pratikatzeko moduan dago orain frontoia. Herritarren eskaria, herritarren borondate eta lanagaz prestatu dogu. Saskibaloian olgetako modua dago orain, hainbat herritarrek margotzen lagundu eta gero.
- Zuhaitz eguna Eskolako ume eta gurasoakaz batera, hainbat zuhaitz landatu genituen herrian. Dinamika barria, parte hartzailea eta polita. Holango gehiago egitea da gure asmoa.
- Kultur bilgunea Hilero hilero, herriko kultur talde ezberdinak batzen dira, programazioa aztertu, landu, iragarri eta Larrabetzuko kulturaz jardun. Apurka apurka, gauza hobeak eta erakargarriagoak, partehartzaileagoak egiteko.
- Kirol bilgunea Herriko kirol talde ezberdinetako ordezkariak, herriko kirolzaleak batu dira batzar baten, ia 20 lagun, urteko kirol agenda osatzeko. Aurrerapausu handia, Larrabetzun kirolaren inguruan lehenengoz elkartzen da jende ezberdina. Eta hemendik aurrera, horrek emaitzok ikusiko dira. Apurka apurka.
- Udal aurrekontuak Herritarren parte hartzeagaz osatu dira herriko aurrekontuak, batzar interesgarriak. 2012ko aurrekontuak landu ostean, hurrengo erronka denbora gehiagogaz 2013koak egitea izango da.
- Hirigintza plana Larrabetzuk hurrengo urteei begira daukan erronkarik handiena. Plan urbanistiko egoki bat egitea herriari begira, herritarren parte hartzeagaz. Dinamika berez luzea eta konplexua bada, modu pedagogiko eta parte hartzaile batean egiten ari gara hori guztia. Eta egia esan, azken batzarretara jende asko agertu da, gogo itzelagaz eta oso ideia politak ekarri dituzte gainera. Guzti horren emaitza izango da bihar etziko Larrabetzu.

Larrabetzun, Bilduk 100 egun lanean
Urr 24 2011- larrabetzu
- 0 Comments
Maiatzaren 22an hauteskundeak irabazi eta gero, udaletxean sartu eta lanean ibili gara buru belarri.
Lehenengo 100 egunak, udal martxa hartzen hasi gara. Batzordeak osatu, batzarrak eta plenoak egin, arau subsidioaren lana, parte hartzeko dinamikak asmatu, herritarrak entzun, bisitak egin, ikasi, entzun…
100 egun baino gehiago lanean, eta orain informatzen ere hasi behar dogula deritzou.
bildu.info/larrabetzu gune hau, herriko udal gaiak, ezkerreko ikuspegitik lantzeko tresna izango da.
Udaltaldeko gure zinegotziakaz harremanetan jartzeko, proposamenak egiteko, gai ezberdinei buruz galdetzeko.

Udalak bere komunikazio dinamika propioa sortu arren, Bilduk be, bere iritzia eta proposamenak herritarrekin partekatuko ditu.
100 egunen ostean hartu zure lekua
Urr 13 2011- larrabetzu
- 0 Comments
Udalbatza berria sortu zenetik 100 egun pasa direnean uste dugu oso garrantzitsu ikusten dituen hiru gairen inguruko argibideak emateko une egokia dela.

Beraz, gonbidatu gura zaituztegu antolatu dugun herri batzarrera gure azalpenak entzun eta gura dituzun ekarpenak egiteko.
Gai bakoitzak 15 minutuko azalpena eta hiritarrek nahi dituzten galderak, ekarpenak, iradokizunak eta abar planteatzeko beste 15 minutuko tarte bat izango ditu.
urriak 13, eguena
iluntzeko 19;00etan
Anguleri Kultur etxean
Mari Asun Gaztelu, Larrabetzuko alkateak herritarrei
Eka 11 2011- larrabetzu
- 0 Comments
Zorionak danori zuen ahaleginari esker posible egin dozuelako Bildu koalizinoak alkatetza lortu daien.
Euskal Herrian aro barri baten sartuta gagoz, aldaketaren garaian. Ilusino eta itxaropenez kargaturik dago giroa eta zuongan, herritarrongan, indar berezi bat somatu leiteke, kaleetan nabaritu dogun indarra, baina baita urrinetik be, ziegetatik jaso dogun indarra. Indar hori izan da maiatzaren 22an Bildu koalizinoa emaitza ikusgarriak lortzera eroan dauena eta gaurkoan alkatetza lortutera.

Pozez ganezka eta ardura osoz hartuten dogu zuen mandatua eta prest gagoz alkatetzak suposatuten dauen ardura handiari behar bezala erantzuteko. Zuok, herritarrok, aldaketaren giltza Bildu koalizinoaren esku itxi dozue eta gaurtik aurrera zeregin honeri helduko deutsegu, aldaketa politikoa, soziala eta instituzionala hitzetatik ekintzetara eroateko.
Lehentasunezko erronka, hemen eta Euskal Herri osoan, egoera demokratikoa lortutea izango da eta horreri begira behar egingo dau udal honek, guztion eskubide zibil eta politikoak onartuak izan daitezen. Horregatik bortxa adierazpen guztiak behin betiko eta baldintzarik barik desagertu daitezan eskatzen dogu, baita mehatxuak, presinoak, jazarpenak, atxiloketak eta torturak be. Gaurkoan ezin doguz ahaztu ondino be politika egiteko eskubidea urratuta daukienak, ezta gaurko eguna urrutian ospatuten egongo direnak be, aupa zuek!!
Gure udala herri honen normalkuntza politikoan lehen mailako eragilea izango da eta geure ekarpena egingo dogu zabaldutako aukera historikoa gauzatuteko helburuagaz. Gaur atzamar puntakaz ikututen ari garen konponbidea, etorkizuneko Euskal Herria eraikiteko oinarria izango da.

Honegaz batera, udalaren eraldaketan pauso barriak emotea izango da gure erronka. Zelan? Bildu koalizinoa osatzen dogunon proiektu abertzalea, ezkertiarra eta soberanista, herritarron esku jarrita eta beste herri bat eraikitea posible dala erakutsita.
Bildu koalizinoaren proiektua herritar guztien ongizatea ziurtatzeari begira garatuko dogu eta, era berean, ganean dogun krisi ekonomikoaren ondorioz, kaltetuenen eta behar gehien daukienen mesedetan arituko gara.
Guztiontzat egingo dogu behar, eta guztiokaz, parte hartze demokratiko eta zabala bultzatu gura dogulako datozen urteetan, alkarregaz eztabaidatuta, guztion parte hartzeaz erabakita eta horretarako bitartekoak jarrita.
Herrian txertatutako udala gura dogu eta herritar aktiboak gura doguz, erabakitzaileak, eta horren aldeko apustu irmoa egingo dogu.
Halan da ze, herritarrok hautestontzietan adierazi dozuen aldaketa politiko eta sozialaren aldeko borondateari jarraituz, beste urrats bat egitea jagoku orain: bide hori alkarregaz burutzea, gazteakaz, hirugarren adinekoakaz, kultur eta kirol alkarteakaz, herrigintzan eta auzolanean aritzeko prest zagozien guztiokaz.
Guztiontzat zabalik izango dira udal honen ateak eta gure eskuak.
Amaituteko, gaur gure artean nagusi dan ilusino eta itxaropenaren gainean egin dogu alkatetza lortuteko bidai eder hau. Baina gaurko egunean hasten dogun ibilbide honetan, konpromisoaren eta parte hartze kolektiboaren osagaiak ezinbestekoak izango doguz emaitzak benetan emankorrak izan daitezan. Hori da eskatzen deutsueguna.
Beste barik, eskerrik asko eta zorionak danori!


Larrabetzun Bilduk, bideo honetan erakusten duen moduan, lehen pausua eman du. Txikia da, zarata askorik ez du egin… xumea baina esanguratsua. Leihoak eta ateak zabaltzea. Udaletxera haizea sartu dadila, jendea proposamenak, argitasuna erakutsi, zabaldu…
bildu eta irabazi
Mai 20 2011- larrabetzu
- 0 Comments
Larrabetzun, bildu gara, egin dogu ahalegina, aurkeztu dugu hautagai zerrenda on bat, batu gara jendeagaz, azaldu doguz gure asmoak, ekitaldiak egin, propaganda banatu, udal programa aurkeztu…. orain Indarrak bildu, eta irabazi egin behar dogu.
Horretarako herritarron hitza baino ez da behar. 
- bildu ezkertiarrok
- bildu abertzaleok
- bildu gazteok
- bildu emakumeok
- bildu langileok
- bildu larrabetzuarrok



