Category: txorierri mankomunitatea
TXORIERRIKO MANKOMUNITATEAREN 2012KO AURREKONTUAK
Urr 31 2011- larrabetzu
- 0 Comments

Bizi dugun krisiaren ondorioz, Euskal Herriko egoera sozio-ekonomikoa bortizki hondatu da, eta aurreikuspen guztien arabera, larriagotu egingo da.
Ondorioz, Bizkaian toki erakundeetara bideratzen den zerga bidez jasotakoaren zatia gero eta txikiagoa da. Nahiz eta udalak herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak izan, horien finantziazioa ez da nahikoa izan eta orain egoera kaskartu baino ez da egin. Beharrizanak,aldiz, ez dira txikiagotu.
Egoera honetan, beraz, asmatu egin behar dugu gastuak neurtzen, eta gehien behar dutenei aukerak bideratzen. Garbi dago gastuak gutxitzeko garaian gaudela.
Gauzak horrela, Bildu taldeko ordezkariok, Txorierriko Mankomunitatearen 2012ko Aurrekontuen Proiektuari hurrengo ekarpenak egiten dizkio:
Aurrekontuak lantzeko moduari dagokiola:
1. Udalentzat, Mankomunitatearen edozein egituratan hartzen diren erabakien inguruko informazioa eguneratua izatea funtsezkoa bada, zeresanik ez aurrekontuen gaian. Urtero Mankomunitateak egiten duen aurrekontu proposamena herrietan aldez aurretik ezagutzea eta TXORIERRIKO UDALBATZA BAKOITZAK HORREN INGURUAN BERE IRITZIA EMATEA BERMATU BEHARKO LITZATEKE.
Behar den informazioari dagokiola:
2. Aurtengo aurrekontuei buruz emandako informazioa ez da nahikoa azterketa serioa egiteko eta ondorioak ateratzeko. Ez dago jarduera bakoitzaren zehaztasunik, desgloserik; horrek ezinezkoa egiten du partida bakoitzari atxiki zaion diru kantitatea baloratzea. Ildo beretik, ez pasa den urteko, ez aurtengo memoriarik ez dagoenez, ez dago irizpide sendorik erabiltzerik, beharrizanak baloratzeko. GARBI DAGO MEMORIA BEHARREZKOA DELA. Horra gure lehen ekarpena.
3. Horren haritik, ondorengo partiden inguruko argibideak ematea eskatzen dugu : “comunicaciones postales”, “comunicaciones telefonicas”, “servicios de traducción”, “publicidad y propaganda”, “Udalsarea 21”, “modificaciones de actividades Euskera Zerbitzua”, “otros trabajos extreriores Euskera Zerbitzua”…
Edukiari dagokiola:
4. Mankomunitateko aurrekontuak herrietan lantzen ari diren aurrekontuekin bat etorri behar du. 2011ko irailean, Bizkaian, AURREKONTU OSOAREN IGOERAK EZIN IZANGO LUKE %3KO ZIFRA GAINDITU, KPIren urte-arteko igoera horixe baita.
5. Gerentearen figurari dagokion soldatari (lehen kapituluan) gehiegizko deritzogu, are gehiago ez dakigunean zeintzuk diren bere funtzioak. Gure aldetik, hasteko, FIGURA HORI DESAGERRARAZTEA PROPOSATZEN DUGU. Arrazoi bat daukagu horretarako: uste dugu badagoela erabaki politikoak nork hartu eta badaudela nahikoa tekniko beharrizanak aztertzeko eta ekintzak bideratzeko.
Neurri hori berehalakoa ez bada, azken erabakia hartu bitartean, gerenteari DAGOKION SOLDATA JAISTEA PROPOSATZEN DUGU.
Dena dela, ez dugu aipatu barik utzi behar gerentea aukeratzeko modua ez dela zilegi; izan ere, ez dago deialdi publikorik lanpostura heltzeko, hau da, ilun deritzogu aukeratzeko moduari.
6. Aurrekontuak diseinatzeko garaian kontuan hartu behar dugu, gure ustez, LANGILE GUZTIAK KONTRATAZIO ZUZENEKOAK izan behar direla, ez azpikontratatuak. Horrela, langileek baldintza hobeetan egingo baitute lan.
Ahalegin berezia egin beharko litzateke Txorierriko herritarrak izan daitezen kontratatuak, gizonen eta emakumeen arteko orekari eutsiz.
7. Mankomunitateko batzordeetan eta osoko bilkuretan parte hartzeagatik, ZINEGOTZIEK JASOTZEN DUTEN KANTITATEA MURRIZTEA PROPOSATZEN DUGU, 30 eurotara; hau da, batzordeetan jasotzen dena berdin mantentzea baina plenoetan jasotzen dena erdira murriztea.
8. 2011ko aurrekontuetako gasturik handiena hondakinen kudeaketari dagokiona da, inondik ere. Ahalegin berezia egin beharko litzateke gastu hori murrizteko. Euskal Herrian bertan badira beste eredu batzuk aztertzea mereziko luketenak.Hortaz, HONDAKINEN KUDEAKETA BERRI BATERAKO URRATSAK EMATEA PROPOSATZEN DUGU.
9. Halaber, Berdintasun Planaren proiekturik eza sumatu dugu aurrekontuetan. Mankomunitateko zerbitzuetako langileek plan horren beharra dutela uste dugu. Beraz, 2012KO AURREKONTUETAN BERDINTASUN PLANA ISLATZEA PROPOSATZEN DUGU.
10. Berdintasun planaren beharrizana ekarri duten emakumeen kontrako indarkeria egoeretarako protokolo falta dugu Txorierrin. Etorkizunean protokolo horren parte izan daitekeen ONGIZATE ZERBITZUETARAKO AHOLKULARITZA JURIDIKOA kontratatzea proposatzen dugu, indarkeria matxistaren kasuetan, besteak beste, laguntza emateko.

